Wopeak, zortzimilakorantz

Wopeak, zortzimilakorantz

Ekainaren 7a izan da WOPEAK proiektuaren azkeneko etapari ekiteko aukeratutako data, WOP fundazioaren bultzadarekin gaixotasun neurodegeneratiboen ikerkuntzaren finantzaketan laguntzeko xedea duena. Zortzigarren etapa honetan, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Gasherbrum mendi-talderantz abiatuko dira plan ireki batekin.

Hara iritsita, hiru alpinistek dituzten aukerak aztertuko dituzte eta erronka berri bati ekingo diote, beren balioei, estilo alpinoari eta mugak gainditzeko konpromisoari uko egin gabe. Honela kontatu digu esklusiban protagonistetako batek, Alberto Iñurrategik:

“Urteak ihesean”, Alberto Iñurrategiren eskutik

Sei urte pasa dira 8.000 metrotik gora azken aldiz ibili ginenetik. Urteak ihesean doaz.

Uda honetan izango dugu berriz aukera munduari azken solairutik begiratzeko: ahoa lehor, tripak dantzan, momentu zirraragarri hori bizitzeko.

WOPEAK proiektua burutzeko 8.000koa falta zaigu. Helburua zortzimilako gailurra zapaltzea da, mendia ulertzeko gure erari jarraiki: era alpinoan eta gailurrari baino bideari garrantzia emanez.

Ohiko ibilbideetatik harago joateak gailurrera iristeko aukerak gutxitu ditzake; elur baldintzak, eguraldiak eta altuerara behar bezala egokitu ahal izateak are eta gehiago agintzen baitute hala ibilita. Zenbat eta zailago izan bidea, baldintzen eragina handiago izango da. Gauzak hala, plan askean abiatuko gara Karakorumeko Gasherbrum mendietara: baldintzek zer eta nola dioten, halaxe hautatuko dugu bidea eta azken erabakia. Luxua da era naturalean ibili ahal izatea.

Gasherbrum mendiak 6 dira, eta guztiek (G-VIak kenduta, 6,979m) 7.000 metroak gainditzen dituzte. G-I eta G-II ez daude “zortzimilako zail”-enen artean: G-IIan 1956an austriarrek zabaldu zuten bidea bide “erraz” gisara hartzen da: 8.035 metro ditu (zortzimilako “baxua”) eta kanpaleku zabal eta seguruak jartzeko aukera ematen du. Gauzak hala, urtero hamaika espedizio komertzial antolatzen dira, baliabide andanarekin, gailurra zapaltzeko. Gasherbrum Iek ere antzeko bidea hartu du. Hala ere, Gasherbrum-ak ezin dira mendi erraz gisara ulertu, ezta II-a bera ere.

Gasherbrum mendiak, himalayismoa bere mailarik politenean bizi nahi duenarentzat apartak dira: bide berriak eta gutxi zapaldutakoak egiteko aukera, Gasherbrum-eko trabesia ezaguna, G-Iera italiarren eta esloveniarren bideen lotura, frantziarrek G-IIra zabaldu zutena, Kurtika-Kukuzkak G-IIra egindakoa… Aukerak hamaika dira, zein baino zein ederragoak, zein baino zein desiragarriagoak.

Menditzar hauen gailurra zapaltzea zaila izango dela jakinik abiatuko gara eta horrexek sortzen digu zirrara, ez bestek. Ez baita samurra motibazioa mantentzea aldez aurretik gailurra zapalduko dugula jakinda. Horixe baita mendizaletasunaren baliorik ederrenetakoa: zailtasunak gainditzea eta aurreikusi ezinezko egoerekin aurkitzea, geure mugak laztantzeraino.

Asmo eder ugarirekin iritsiko gara Karakorum-era eta aipaturiko edozein bide duina litzateke WOPEAK proiektuaren azken pausoa emateko, eta geu ere asebetetzeko. Hori bai, lanak izango ditugu asmoa aukeratzen, desioen zerrenda luzatzeko baino laburtzeko garaia dugu. Urteak ihesean doaz.

 

Alpinista babestea tontorrerako bidean

 Espedizioa abiatzear dago, baina bidea Ternuaren bulegoetan hasi zen aspaldi. Gure I+G taldea hilabetetan zehar aritu da kirolariekin buruz buru lanean, tontorrera bidean babesik onena eskaini ahal izateko.

Badakigu espedizioak baldintza latzei aurre egin beharko diela eta estilo alpinoak arintasunaren alde lan egitea eskatzen duela. Horregatik, gure taldea alpinisten beharrei erantzuteko lanean buru belarri aritu da bi piezako buzo esklusibo bat sortuz, oso arina, 1.300 gramokoa besterik ez, hotzaren arabera konbinazio desberdinak eskaintzen dituena eta artisau-modura egina teknologia handiko ehunak erabiliz, esaterako Pertex Endurance (kanpoaldean), Pertex Quantum GL (barnealdean) eta Neokdun FP800 luma birziklatu hidrofugoz egindako betegarria Nikwax PFC free-rekin.

Betegarria luma birziklatu hidrofugoz osatutako betegarria da eta eskuz bete dira janzkiak gure Arrasateko instalazioetan, momentu oro prozesuaren kalitatea eta ingurumenaren babesa bermatuz.

Buzoaz gain, Ternuan eskuzorroak ere prestatu dituzte, eskuzorroaren ahoan ile sintetikoa jarriz eskua ateratzean elurra sar dadin ekiditeko, jarrita daramagunean beroa barnean mantentzeko eta eskuzorroa jartzeko eskua sartzea besterik egin behar ez izateko, tiragailurik gabe eta bestelako itxigailurik gabe. Isolatzaile gisa, Neokdun luma birziklatu hidrofugoa, Nikwax PFC free eta Primaloft one erabili dira.

Espediziorako lo-zakua ere fabrikatu dugu, abantaila guztiak mantenduz pisua ahalik eta gehien arintzeko sortutako produktu berritzailea alegia. Honela, lo-zaku benetan arina garatu dugu, 1.000 gramotik beherakoa, altuerako buzoarekin batera erabiltzeko moduko zabalera duena. Kanpoaldean Pertex Endurance ehunarekin eta barnealdean Pertex Quantum GL ehunarekin egin da, Neokdun FP800 luma birziklatu hidrofugoarekin eta Nikwax PFC free-rekin egindako betegarria duelarik.

Azkenik, gure taldea jaka arin bat sortzeko ere lanean aritu da, buzoaren azpitik eramateko jaka berezia hain zuzen, erabilera anitzekoa, 240 gramokoa besterik ez, eta konprimagarritasun handia eskaintzen duena, garraioa eta motxilan sartzea errazte aldera. Kanpoaldeko eta barnealdeko ehuna Pertex Quantium GL da, 20 grs/m2-koa eta betegarria Neokdun FP800 luma birziklatu hidrofugoz egin da Nikwax PFC free-rekin, beroa geruzen bidez autoerregulatzea ahalbidetuz.

Idatzi iruzkina

captcha
Derrigorrezko datuak (*)

IGO